LURRALDE BERDINTASUNERAKO PLANA (2026-2031) – BERDIN BIZI

Plana lurraldeko 12 udalek eta ibarrek 2023tik elkarlanean bultzatzen ari garen lanaren ondorioz sortu da; urte hartan jarri genuen martxan, lehen aldiz, gure udalerrien artean partekatutako berdintasun-zerbitzua.

Berdin Bizi osatzen dugun udalen artean sinatutako hitzarmenari esker, lehenengo aldiz berdintasun-teknikari bat kontratatu ahal izan genuen lurralderako. Geroztik, egindako lana handituz joan da eta indarra hartzen etengabe.

Urte hauetan hainbat ekimen bultzatu dira, hala nola: martxoaren 8ko, azaroaren 25eko edo urriaren 15eko kanpainak; indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzio-kanpainak eta puntu moreak jaietan; ikastetxe eta institutuetako tailer zein jarduerak; emakumeen elkarteekin eta talde feministekin egindako lana; zaintzari, kontziliazioari, desberdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko azterlanak eta diagnostikoak; udalen eta profesionalen arteko koordinazio-guneak; bai eta teknikari zein ordezkari politikoentzako prestakuntzak ere, besteak beste. Hori guztia udalerri txikien errealitatera egokituta dago, herri eta ibarren arteko lankidetzatik pentsatuta.

Plan hau Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak tokiko erakundeek berdintasunaren alorrean egiten duten lana bideratzeko bultzatutako lan-esparruari jarraituz landu da, denboran zehar antolatuagoa, koordinatuagoa eta jarraituagoa izanen den lan-ildo baten alde eginez. Plan honek 2026 eta 2031 urteen artean bultzatu nahi ditugun lehentasunak eta lan-ildoak jasotzen ditu.

Datozen urteetan, politikari zein teknikariei zuzendutako koordinazio, laguntza eta prestakuntza-guneetan lanean jarraituko da, berdintasuna udalen erabakietan, proiektuetan, jardueretan eta lan egiteko moduetan pixkanaka txertatzen laguntzeko.