BAZKA-LARREEN APROBETXAMENDUA
Aezkoako Mendietako larreen (zuhaitzik gabeko eremua) azalera (2.487 ha) lau artzaintza-eremu handitan banatzen da, eta eremu horien aprobetxamendua herri-lurren aprobetxamenduen ordenantzan eta dokumentu tekniko espezifikoetan arautzen da, funtsean, Aezkoako mendietako Bazka Baliabideak Antolatzeko Planean, 2010ekoan. Dokumentu horrek Aezkoako Mendiei lotutako larreen eta abeltzaintzaren erabilera identifikatu eta planifikatzen du, abeltzaintza baliabideen erabilera antolatua sustatu eta arautzeko. Dokumentuan jasotakoari eta abeltzainen batzordeak hartzen dituen erabakiei jarraikiz, urtero zehazten dira abeltzaintza-karga, eremu bakoitza izanen duen erabilara eta aurkezten diren eskaeren arabera larre-kanpaina bakoitzean aplikatu beharreko gainerako baldintzak.
Lau bazka-eremu eremu handi daude: Bortu Handiak (zabalena), Nabala, Sariozar eta Abodi. 1984an, Abodi, Nabala eta Sariozarreko eremu batzuk itxi ziren, eta gaur egungo itxiturak sortu ziren. Bazkatzeko aldiak, kuotak eta aziendaren erabilera espezifikoak dira itxituretan. Beraz, bi larre mota daude: larre libreak eta itxiturak. Azalera osoa larre ekologiko gisa izendatuta dago 2016tik, eta Nafarroako Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Kontseilua (CPAEN-NNPEK) arduratzen da kontrola eta ziurtapen-sistema egiteaz.
Azpiegitura ugari daude, beharrezkoa ganadua herri-lurretan egoki egon dadin: euri-ura biltzeko 5 putzu, 41 aska, ganadua maneiatzeko 12 korrale, 80 km baino gehiagoko luzera duen itxitura-sarea eta 157 km pista eta bide. Artzainen “txabola” tradizionalak ere aurki daitezke, Aezkoako Batzarre Nagusiaren jabetzakoak, komunalean artaldeak dituzten artzainen eskura jarritakoak, behar izanez gero erabiltzeko.
Baso eremu osoa artzaintzarako mugatua eta itxita dago, 2018. urtean sektorizazio-itxiturak amaitu zirenez geroztik.
Bazka eremuetako planoa
Herri-lurretako larreetara sartzen diren Aezkoako ustiategi gehienak behi-aziendak hazteko dira, eta Pirinioetako behia da arraza nagusia. Aldiz, fazeriara sartzen diren Garaziko ustiategietako abereak ardiak dira batez ere, ardi latxak; behi aziendari dagokionez, blonda arraza da nagusi. Zaldien kasuan, bi haranetan Aurizko arraza hazten da.
Ustiategi misto asko daude, batez ere zaldi eta behiak hazten dituztenak. Ardi-aziendari dagokionez, latxa arraza da nagusia, gazta egiteko esnetarako. Haragitarako Nafarroako arrazako artaldeak ere badaude, eta horiek Abodiko larre libreetara eramaten dira.
LARRE LIBREAK
Itxiturez mugatuta ez dauden eremuak dira (2.089 ha guztira), eta horietako gehienak “Bortu Handiak” (Orion, Azpegi, Idopil, Mendizar, Sobar…) deiturikoan daude; gainerakoak Nabala, Sariozar eta Abodiko itxiturarik gabeko alderdiak dira.
Larre libreen zati handi bat Garazi haraneko lurrek eta Aezkoakoek osatzen duten fazeriaren barnean dago. Fazeria 1556. Urtean sortu zen, eta urtero sinatzen den hitzarmenean jasotako baldintzen pean kudeatzen da: sartzen ahal diren buru kopurua, azienda motaren araberako kuotak eta bertan bazkatzeko gainerako baldintzak.
Sinatutako azken hitzarmenean jasotako datuen arabera, hauek dira Garazi haranetik joaten diren abere kopuruak:
– Behiak: 420 buru
– Zaldiak: 68 buru
– Ardiak: 6.700 buru nagusi eta 1.170 bildots
Garazikoa da Bortu Handietara sartzen diren ALU guztien % 60a.
Garaziko Mendi Elkargoak diru-kopuru bat ordaintzen dio Aezkoako Batzarre Nagusiari fazerian azienda sartzeagatik. Urteko zenbateko zehatza kalkulatzeko azienda-buruak kontatzen dira, baina hirurogei mila euro inguru izaten dira.
Aezkoako abere-zamari dagokionez, 1.040 ALU inguru sartzen dira larre libreetan; horietatik 740 Bortu Handietara joaten dira, eta gainerakoak Nabala, Abodi eta Sariozarreko larre libreetara.
ITXITURAK
Nabalako zelaia
Lur komunaletako mendebaldean dago, eta Auritz, Garralda eta Orreagako udalerriekin egiten du muga.
Nabalako zelaian (Sariozarkoan ere) azienda antolatzeko eta belardietara sartzeko lehentasun-sistema bat aurreikusita dago, eremurako finkatuta dagoen gehieneko azienda-buru kopurua baino gehiago sartzea eskatzen bada banatzeko irizpidea izateko. Bazkatzeko aldia maiatzaren lehen hamabostaldian hasi eta urriaren 30era bitartekoa da. Data horretatik aurrera neguko denboraldia hasten da, eta martxoaren 30era arte luzatzen da. Apirilaren hasieran itxita gelditzen da udako denboraldiaren hasierako belarra atera dadin.
Sariozarko zelaia
Orion eta Abodi artean dago. Zelai horren ondoan dago Iron alderdia, gaur egun itxitura elektriko mugikorren bidez kudeatzen dena, urtaroen araberako itxiturak egin ahal izateko.
Abodi
Hiriberri udalerriarekin eta Zaraitzurekin egiten du muga. Hiriberriko ustiategietako abereak, batez ere, eramaten dira itxitako leku horretara. Debekatuta dago martxotik ekainaren 1era arte, eta behi- eta zaldi-azienda sartzen da hara. Abodiko eremu librea Nafarroako arrazako ardiak bakarrik bazkatzeko da.
BAZKA-LARREEN KUDEAKETA ETA HOBEKUNTZA
Urtero, hainbat jarduera egiten dira, Batzarre Nagusiaren komunalaren barneko bazkatzealdia behar bezala garatzen dela bermatzeko. Denboraldia hasi aurretik itxiturak berrikusten dira, putzuak eta ur askak garbitzen dira, iturriak eta ur-hartuneak berrikusten dira, azpiegituren mantenamendua egiten da (abereak zamatzeko korraleak, atakak…) etab.
Bazkatze kanpainaren bitartean ganaduaren maneiuarekin lotutako hainbat lan egiten dira, eremu bakoitza egoki aprobatzetzeko eta abere-karga kontrolatzeko. Itxitura mugikorrak (artzain elektrikoak) jartzen dira eremu bat aldi baterako ixteko; leku horiei abere-buru jakin bat esleitzen zaie. Urtero instalatu eta kentzen dira, bazkaren egoeraren arabera. Funtsezkoa da itxiturak zaintzea eta asketako ur-hornidura kontrolatzea denboraldi osoan zehar. Beste ohiko lan batzuk dira abereak markatzea, horientzako gatz-puntuak instalatzea, fazeriako larreak berrikustea eta horietara sartzen diren artaldeak zenbatzea.
Larreen kudeaketa Aezkoako Mendietako larre-baliabideak antolatzeko planean aurreikusitakoari jarraikiz egiten da, bai eta abeltzaintza-batzordeak, sasoiko abeltzaintza-kargaren eta larreen baldintzen arabera, hartutako erabakiei jarraikiz ere. Batzorde hori abeltzaintzako eta Batzarre Nagusiko ordezkariek osatzen dute.
Natura 2000 Sarea osatzen duten mendietako larreen kudeaketa jasangarrirako laguntzen barruan, Batzarre Nagusiak laguntza bat jaso du 2016-2020 urteetarako, larreen kudeaketaren kostuaren zati bat eta gauzatu beharreko urteko inbertsioak barne hartzen dituena. Azken urteetan egindako inbertsio gehienak abereentzako urasketako uraren kalitatea hobetzeko eta hornidura-putzuak garbitzeko izan dira.