Batzarre Nagusia
Aezkoako haraneko erkidegoa bederatzi udalerrik osatutakoa da: Abaurregaina, Abaurrepea, Aria, Aribe, Garaioa, Garralda, Hiriberri, Orbara eta Orbaizeta. Toki-erakundea da, osatzen duten udalerrietatik bereizia, eta haren ordezkaritza Aezkoako Batzarre Nagusiak du. Batzarre Nagusiak, beraz, Aezkoako Mendien (Iratiren parte da eta Nafarroako Onura Publikoko Mendien Katalogoan lehenengo zenbakiarekin inskribatutako herri-izaerako ondasuna) titularra eta administratzailea da.
Aezkoako Batzarre Nagusiak bederatzi kide izan ahal ditu gehienez, eta zazpi gutxienez. Zerrenda itxien bidez hautatzen dira, haran osoan, batera, antolatutako hauteskundeetan. Oraingo legegintzaldian zazpi kidek osatutakoa da entitatea (presidentea eta sei kide). Batzarre Nagusiaren egoitza Aezkoako Etxea da. Antzinako etxea izandakoa Ariben dago, zubiaren ondoan, 1795.ean bere artxibo historiko guztiarekin batera erre zen.
Ordenantza Orokorrek erakunde horren eskumenak eta funtzionamendua zehazten dituzte. Aurreneko ordenantzak 1984. urtekoak dira, eta Aezkoa mendia bailarara itzuli ondoren onartu ziren. Ordutik hona hainbat aldaketa egin zaizkio, Batzordearen hautapen-sistemari eta osaerari dagokienez. Zenbait erreferentzia historikoen arabera, aurretik ere bazegoen nolabaiteko erregulazioa.
Aezkoako Batzarre Nagusiak, besteak beste, honako funtzio hauek ditu:
- a) Lurralde-plangintzak, azterlan puntualak edo inbertsio-proiektuak egitea eta gauzatzea, bai eta bideragarritasun sozioekonomikoa ere. Haranaren garapen sozioekonomikoa eta kulturala lortzeko ekintzak sustatzea, parte hartzea edo sortzea. Haranaren garapen sozioekonomikoa eta kulturala lortzeko ekintzak sustatzea, parte hartzea edo sortzea.
- b) Beren ondasunak administratzea, kudeatzea, sustatzea, antolatzea, kontserbatzea eta hobetzea: ingurumena babestea eta baliabide naturalak erabiltzea eta hobetzea.
- c) Haraneko udalei laguntza edo diru-laguntzak ematea, bai eta laguntza tekniko-administratiboa ere.
- d) Beste administrazio publiko batzuek transferitutako edozein eskumen erabiltzea eta garatzea.
OSAKETA
Izena | |
---|---|
Batzarreburua | Karlos Bueno Reca |
Lendakariordea | Ainhoa Martínez Juango |
Batzarrekideak | Maddi Eseberri Colomo |
Karmele Galarza Larrayoz | |
Juan Esteban Merino Iriarte | |
Leire Reta Trebejo | |
Gonzalo Santomá Vicens | |
Izaskun Zabalza Barberena | |
Harremana: aezkoakobatzordea@gmail.com |
LAN KUDEAKETA |
ORDEZKARIAK |
BEREZITASUN HISTORIKOAK
BATZARREA
Batzarrea bailarako bizilagunen biltzarra da, hainbat gairen kudeaketan parte hartzeko biltzen dena. Derrigorrez deitu beharrekoa da, gai jakin batzuen kasuan; beste batzuetarako, berriz, Batzarre Nagusiak beharrezkotzat jotzen ohi du, erabakiak hartu aurretik herritarren iritzia jasotzeko. Instituzio tradizionala da, eta Aezkoako Batzarre Nagusiaren Ordenantzetan jasota dago haren funtzionamendua: Aezkoako udalerriren batean erroldatuta dauden adin nagusiko bizilagunek osatuko dute.
Batzarrean norberak bere burua ordezkatzen du, eta ordezkaritza ezin zaio inori eman. Batzarrerako deialdia eta haren garapena bertako ohiturazko arauen arabera egiten da: Batzarre Nagusiburuak egiten du deialdia, bilkura izan baino gutxienez 48 ordu lehenago, aztertzeko diren gaien zerrenda espresuki adierazita. Era berean, Batzarrerako deia egin ahal da, hogei eguneko epean, Aezkoako bederatzi herrietan erroldatuta daudenen eta Batzarrera joateko eskubidea dutenen %20k eskatzen badu, eta bertan sustatzaileek proposatutako gai-ordena aztertuko da.
Batzarre Nagusiak batzarrea egitea erabaki beharko du, auzotarrek gai jakin batzuei buruzko erabakia hartzeko zer iritzi duten jakiteko; besteak beste, aurrekontuak onartzeko, ordenantzak onartzeko eta aldatzeko, ondasunak besterentzeko, diru-sarreren aurrekontu arruntaren ehuneko hamarretik gorakoa denean, eta abarretarako. Hala ere, Batzarrea auzotarrei gai interesgarriak aurkezteko eta erabakiak hartu aurretik haien iritzia jakiteko ere bil daiteke.
Aezkoa-Garaziko Fazeria
Aezkoa eta Garazi haranen arteko fazeria Aezkoako Batzarre Nagusiaren eta Garaziko mendi Elkargoaren bazka-larre eremu jakin batzuen aprobetxamendu komunari dagokio; aprobetxamendu historiko horren ezaugarriak, hasieran “eguzkitik eguzkira” egiten zena (azienda iluntzean kendu beharra), hitzarmen batean jasotzen dira, urtero uztaileko laugarren larunbatean sinatzen dena.
Hitzarmen hori sinatzeko ekitaldia honela egiten da: bi haranetako ordezkariak Iropil izeneko parajean biltzen dira, bi haranen harremanen oroigarri den monumentuaren ondoan. Monumentu horrek multzo megalitiko bat irudikatzen du, Aezkoa eta Garazi lotzeko lotura historiko gisa. Presidenteak monumentuaren batasunaren mugarri nagusira hurbiltzen dira; dokumentua bertan oinarrituta sinatzen da. Ondoren, bi ordezkariek esku bat bestearen sorbaldan jarri eta beste eskua estutuko dute, gure hizkuntza arruntean hitz eginez: HITZA HITZ, MENDIAREN HERRIAREN GEROKOEN ONERAKO.
Egun hau bi haranentzamko ospakizun bihurtu da, eta bertako biztanleen arteko lotura tradizionalak sendotzeko balio du.
AEZKOAKO MENDIAK
Aezkoako Mendiak
Aezkoako Mendiek (Aezkoako Batzarre Nagusia da haien titularra) 6.387,04 hektareako azalera hartzen du; horietatik 4.109,43 ( % 64,3) zuhaitz-azalera dira, eta gainerakoa larreak dira batez ere (belarkara, zuhaixka-larrea eta zuhaitzdun larrea). Administratiboki Orbaizetako udal dermioaren barnean dago.
Mendiaren erabilerak araudi espezifikoak ditu, biodibertsitatearen kontserbazioa eta jasangarritasuna helburu dituztenak: baso-erabilera, larre-erabilera, erabilera turistikoa, ehiza- eta mikologia-aprobetxamenduak. Lurraldean hainbat babes-figura daude: Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) Orreaga-Irati, Hegaztien Babes Bereziko Eremua (HBBE), aurrekoaren azalera bera duena. Mendilatzeko Natur Erreserba (RN6) eta zenbait natur monumentu.
Aezkoako Mendiek flora- eta fauna-aberastasun handia dute, eta natura-intereseko espezieak daude, horietako batzuk Nafarroako espezie mehatxatuen edo Interes Bereziko espezieen katalogoan sartuta daudenak. Enblematikoenak okil beltza eta okil gibelnabarra dira, ugalketa-espezieen dentsitatea handiagoa den lekuetako bat baita.