Aezkoari buruz

Aezkoa Pirinioetako hegoaldeko isurialdean eta Nafarroako ipar-ekialdean dago, eta bederatzi udalerrik osatutakoa da: Abaurregaina, Abaurrepea, Aria, Aribe, Garaioa, Garralda, Hiriberri, Orbara eta Orbaizeta; Zangozako Merindadekoa da, eta berrehun kilometro koadro inguru hartzen ditu. Klima gogorra du neguan (duela urte batzuk askoz ere luzeagoa eta muturrekoagoa) eta epela udan. Prezipitazio-indize handia du (130 egun inguru). Iparraldean, Nafarroa Behereko Garazi haranarekin egiten du muga; hegoaldean, Urraulgoiti haranarekin; ekialdean, Zaraitzu haranarekin; eta mendebaldean, Artzibarrekin eta Oroz-Betelu, Orreaga eta Aurizko udalerriekin. Basoek zabaleraren % 60 hartzen dute, eta larreek, berriz, % 28. Mendien altuera 1.500 metrotik beherakoa da. Aezkoan dago Nafarroako herririk garaiena, Abaurregaina (1.040 metro).

Irati ibaiak zeharkatzen du harana. Urtxuria eta Urbeltza ibaiak elkartuta (Elurretako Ama Birjinaren ondoan) jaiotzen da; aurreraxeago Irabiako Uharkak biltzen du ura, eta Orbaizeta, Orbara, Aribe, Garaioa eta Garralda udalerrietan barna jarraitzen du. Nafarroan zehar 88 kilometro egin eta azkenean Aragoi ibaiarekin elkartzen da, Zangoza parean. Ibaiaren aprobetxamendu hidroelektrikoa funtsezkoa izan da denbora luzez, eta gaur egun, oraindik mantentzen dira Irabia eta Betolegiko urtegiko zentral hidroelektrikoak. XIX. eta XX. mendeetan, ibaia izan zen egurra garraiatzeko bide naturala: ibaian behera eramaten zuten enborrak almadietan lotuta edo aske ere, esklusa sistema bat baliatuz,. 1910. urtetik aurrera, Ekaiko El Irati SA enpresaren zerrategia zen zuhaitzen helmuga. Enpresa hori eta hark sustatutako trena Irati ibaiari eta gure haranari lotuta daude, izan ere, Domingo Elizondo haren sustatzailea Aribekoa zen.

Haraneko populazioak behera egin du etengabe, bereziki XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera; gaur egun 853 biztanle ditu (zifra ofizialak 2019-01-01ean); kopuruak, bada, ez du zerikusirik 1950.ean zituen 2.619 biztanle haiekin. Azken hogei urteetan, beherakada % 25ekoa izan da. Herririk populatuena Orbaizeta da (196 biztanle ditu) eta biztanle gutxien dituztenak (30 biztanle inguru), aldiz, Abaurrepea, Aribe eta Orbara.

Lehen sektorea funtsezkoa da haranean, batez ere abeltzaintza. Gaur egun azienda mota hauen hazkuntza nagusi da: Pirinioetako behia, Aurizko zaldia eta ardi latxa (gazta egiteko esnetarako). Nekazaritzak garrantzi txikiagoa du orain, baina funtsezkoa izan zen XX. mendeko 70eko hamarkadan, hazitarako patata ereiten zen garaian, ekonomiaren garapena bultzatu baitzuen. Azken urteotan turismoaren sektorea nabarmen indartu da, eta Iratiko Oihanak bereziki erakarritako bisitarientzako landetxeak eta ostalaritza-establezimenduak ireki dira.

EGIN TURISMOA AEZKOAN

Ezagutu Aezkoa