BASO APROBETXAMENDUA

Mendia Antolatzeko Planak banaketa dasokratiko bat ezartzen du (azalera hainbat unitatetan banatzean datza: sekzioak, kantoiak, kuartelak, tarteak, azpitarteak), esku hartzeko eremuak mugatzen dituena, bai eta zuhaitzak hobetzera eta aprobetxatzera bideratutako mozketaren tipologia ere: hobetzeko moztea, birsortzeko moztea, matarrasa moztea, etab.

Urtero, Aezkoako Mendietako aprobetxamendu-plana egiten da, eta enkante bidez salgai jarriko diren Baso-loteak markatzen dira. Nafarroako Gobernuak ezartzen ditu aprobetxamenduen baldintza teknikoak; horietan zehazten dira kubikazioak, zuhaitzak mozteko eta sailkatzeko modua, mozteko baldintzak, bideak eta kargalekuak, bai eta ustiapen-epeak eta debekualdiak ere (hegazti batzuek habiak egiten dituzten garaietan). Batzarre Nagusiak, berriz, erabakitzen ditu enkantean saltzeko prozesua, baldintza ekonomiko-administratiboak, ordainketa-epeak eta abar.

Baso-aprobetxamenduen salmenta da Batzarre Nagusiaren diru-iturri nagusia: urteko aurrekontuan aurreikusitako diru-sarrera guztien % 35 eta herri-aprobetxamenduei dagozkienen % 70 baino zertxobait gehiago.

Legez, baso-aprobetxamenduen salmentatik lortutako diru-sarreren % 20, gutxienez, inbertitu behar da basoa hobetzeko jarduketatan. Ondorioz, urtero Baso-jarduketen proiektu bat gauzatzen da, zati batean diruz lagundutakoa dena, eta basozaintzako eta Baso-azpiegituretako jarduketen bidez mendia hobetzea bermatzen duena.

BASO JARDUERAK

Baso-jarduketen proiektuek basoa mantentzeko eta hobetzeko zenbait jarduketa biltzen dituzte, baita basoari lotutako azpiegiturak ere. Hauek dira proiektu horiek ardatz hartzen dituzten ekintza nagusiak:

1- Bakanduak. Modu naturalean birsortzen ari diren eremuetan jardutean datza, kalitate oneneko aleak hautatzeko eta lehian dauden landareak ezabatzeko, zuhaitzen garapen eta kalitate onena lortzeko.

2- Birlandaketak. Aezkoako Mendietan koniferak ere ekoizten dira, eta azalera handia erabiltzen da horretarako, Nabala-Itolaz eta Arlagain alderdietan bereziki. Zuhaitzak landatu eta horiek hazitakoan eremu osoa matarrasa mozten da. Leku horietan alertze europarra landatzen da, betiere azaleraren % 25 hostozabalentzat utzita. Hondatzen diren landareak, oreinek jan dituztelako batez ere, ordezten dira. Jarduketa horri “hutsarteak betetzea” deitzen zaio.

3- Hondakin-materialak ezabatzea. Basoean sortzen diren hondakin nagusiak honakoak dira: itxitura zaharretako alanbre herdoilduak, landatutako zuhaitzak babesteko plastikozko hodiak eta beste material batzuk. Urtero, batez beste, 5 km itxitura kentzen dira, eta horrek oso eragin positiboa du ingurumenean.

4- Azpiegiturak. Pistak mantentzeko eta hobetzeko lanak: arekak, bide-zoruak, hodiak, harri-lubetak eta baso-aprobetxamenduen baldintzak eta mendirako sarbide orokorra bermatzeko eta hobetzeko beharrezkoak direnak.

5- Larreetako sastrakak kentzea: sastrakak saihesteko eta artzaintza estentsiboa sustatzeko, funtsezkoa baita tokiko ekonomiarako eta biodibertsitatearen kontserbaziorako.

Jarduera horiek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak dituzte, 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Programako baso-azpiegituretan eta baso ekosistemen ingurumen balioa berreskuratzeko inbertsioetarako dirulaguntzen urteko deialdiaren bidez. Honako lan-modalitate hauek aurrikusita daude:

– Modalitatea A.1 Basoberritzeak

– Modalitatea A.2. Basolanak

– Modalitatea B: Biodibertsitatea

– Modalidad C: Baso-proiektuen dokumentazio teknikoa egitea eta obren zuzendaritza.

– Modalitatea E: Azpiegitura txikiak

Proiektu hauetatik eta hobekuntza eta mantenamendu jardueratatik urtero diruz lagundu gabe gelditzen den diru kopurua nahitaez basoa eta haren azpiegiturak hobetzeko erabiltzen da.